"Honek dena aldatzen du" filmari buruz hausnarketak
Maitane Arri (Ekologistak martxan)
(itzultzailea) :
“ Euskaldunontzat, pozgarria izaten
da mundu-mailan erreferentziazkoak diren iturriak -filmak, liburuak,
dokumentalak eta abar- euskaraz aurkitzea. Naomi Kleinen "Honek
dena aldatzen du" dokumentalaren kasuan, hainbat elementuk
garrantzi handia ematen diote. (jarraitzen du)
Batetik, egilea ezaguna da, oihartzun
eta kalitate handiko ikerketa-lanak egin dituelako azken urteotan:
ezagunenak, No Logo eta The Shock Doctrine, kasu. Bigarrenik,
dokumentala berria eta gaurkotasun handikoa da. Eta, azkenik, inork
ezin du ukatu guztiz egokia izan dela mundu-mailako COP21 gailurra
Parisen antolatu den urte berean, klima-aldaketak kapitalismoarekin,
planeta tresna gisa ikustearekin eta tokian-tokian kapitalismo horren
aurka eta ingurumenaren eta bizimodu tradizionalen alde gauzatzen ari
diren borrokekin uztartzen dituen liburu bat eta dokumental bat
plazaratzea.
Horregatik, Martinek Naomi Kleinen
Honek dena aldatzen du dokumentala euskaratzea proposatu zidanean, ez
nuen inongo zalantzarik izan. Ezinbesteko materiala da, eta euskarak
ezin ditu horrelako aukerak alferrik galtzen utzi.
Aitor dut dokumentalaren hasieran
zaila egin zitzaidala Naomiren gogoetak eta adierazteko duen modu
pertsonal hori euskaraz ematea. Lana asko erraztu zen, dokumentalaren
protagonistak estilo zuzen batean, erraietatik mintzatzen hasten
ziren neurrian.
Dokumentalean aipatzen ziren kasu
guztietan, ingurumena bizitza-iturri gisa dutenen bizimodua eta
kosmobisioa etekin-gose direnek zapuztuta ikustea da erdiragarriena.
Baina, egoera edozein dela ere, herritar horien duintasunaren eta
borrokaren gorazarrea da dokumentala.
”
"Honek dena aldatzen du" , benetan!
Martin Mantxo (Ekologistak Martxan)
Beti aurkeztuko dugu "Honek dena
aldatzen du" Naomi Kleinen filma izango balitz bezala. Nolabait,
horrela da ere. Baina ez guztiz... berez, Avi Lewis da egilea edo
zuzendaria. Nola ez, Naomik zeregin handia izan du bertan, eta bere
ikerketan eta lanean oinarritzen da, hain zuzen ere, izen bereko
liburuan. Era berean, Naomi da protagonista, jendea elkarrizketatzen,
mintegietara joaten, eta abar.. Baina, berez, hor zegoen Avi, bere
bikotea, filmatzen, aukeratzen eta gero batera jartzen, editatzen.
Noski, normalean alderantziz izaten da: gizona da kreditua hartzen
duena, eta emakumearen lana ez da ikusten. Baina hemen Aviren lana
ere kontuan hartu behar da, Klein aditu bat izanik eta bere
diskurtsoa oso potentea izanik, filmak oso ondo funzionatzen duelako.
Erritmoa, oso ona; helburua oso argi dago, eta oso ondo osatzen du
ardatz desberdinak aurkatuta; era berean, kasuak anitzak dira, baina
ez da gehiegizkoa suertatzen. Film bezala izugarria da, beraz,
bientzat kreditua, hain lan txukuna egiteagatik, eta mugimendu
ekologistatik eskerrik beroenak, egoerak hain argiro azaltzeagatik
eta hain hausnarketa bikaina egiteagatik.
Esaten dugunez, nahiz eta
klima-aldaketa zenbait filmetan jorratua egon, gaia berria da. Batez
ere, ohikoa delako klima aldaketaz hitz egitea, hutsetik, bere kasa
sortutako fenomeno bat izango balitz bezala. Naomi Kleinen
berrikuntza da klima-aldaketa Sistema honen ondorio bat dela
azaltzea, kontuan hartuta globalizazioari buruzko aditua dela bera.
Oso lan serioa benetan, Sistemaren eta klima-aldaketaren ondorioak
(klima-aldaketa izugarriak, basamortutzea, glaziareak urtzea, irlak
desagertzea, eta abar) benetan latzak direlako.
Bitartean, Kleinek gai horren beste
aldera eramaten gaitu: egoera hori sortu eta areagotzen duena itsua
dela ukatzen dute, kapitalismoan sinisten dutelako. Zaila da
kapitalismoa sinismen bezala aztertzea. Agian hobe, gaixotasuna
delako. Eta hori ere filmak argi erakusten du. Hori gainditu arte,
bost axola munduan zer gertatzen den -orain bezala-, sistema honek
diruzalekerian oinarrituta horretan jarraituko duelako.
Kleinek behartsuekin bat egiten du
berriro ere, eta erakusten digu, beste askotan bezala, haiek direla
lehenbiziko kaltetuak: emakumeak, umeak, bertako herriak, herri
txiroen biztanleak. Indigenei eskaintzen die denbora Kleinek. Noski:
haiek dira anabasa honi buelta emateko filosofia egokia daukatenak.
"Geu gara Lurrarenak.(eta ez Lurra GEUREA!). Lur honetako
bisitariak baino ez gara".
Berriro ere, bere aurreko beste
lanetan bezala, Kleinek kontzeptu argigarriak eskaintzen dizkigu.
"Lurra makina bat zela eta gu haren nagusiak ginela" -bai,
kontzeptu nagusiena, Industria Aroan garatua, naturarekin dugun
harremana argi azaltzen duena.
"Sakrifizio-eremuak". Gauza
bera. Gure bizi-mailari eusteko sakrifizioak beharrezkoak dira.
Lanaren aldetik, osasunaren aldetik... Baina baita lurraren aldetik
ere, naturaren aldetik, eta besteren lurraldearen aldetik. Batzuk
sakrifikatu behar dira, ereduak biziraungo badu. Batzuk hil behar
dira. Areago, batzuk erail behar dira. Pasa den astean Berta Cáceres
bezala, edo atzokoan Nelson García bezala. Planeta bera ere akabatu
behar dugu, sakrifikatu, batzuek euren etekinei eusteko.
Eta hori guztiori etsikorra izan
arren, Naomi Kleinek berriro bere sinismena eta baikortasuna
eskaintzen dizkigu. Hondamenetan (New Orleansekoa bezala) musutruk
aritzen direnak erakusten dizkigu. Ustiapen-ekonomiari aurre egiten
dutenak bezala, lakotak bezala, grekoak bezala, zentral termikoari
aurka egiten dioten indiarrak bezala... Adibideak, gainera,
indartsuak dira. Oso. Eraginkorrak. Energia berriztagarriak eta
kooperatibak sortzen dituenak. Era berean, Kleinek ekintza zuzena
bultzatzen du. Berak dioen bezala, agian politikoki klima-aldaketa
gainditzeak hori baino gehiago lortzen lagunduko du: beste gizarte
bat, amankomunaren kulturara bueltatuko dena, bertokotasunera, natura
eta gizakiekiko errespetuan. Zoragarria izango litzateke hori, arazoa
konponbide bihurtzea. Oihukatzen dugun bezala, klima aldatu
beharrean, sistema aldatzea. "eta inoiz izango dugun aukerarik
onena balitz, mundu hobea eraikitzeko?" dio Naomik.
Honek dena aldatzen du!
Film honek ere bai!
No hay comentarios:
Publicar un comentario