miércoles, 20 de marzo de 2019

Ekozinemaldia 2019: aurten ere erauzketa-goseari hozka

Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegirada berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinitoaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora.

Azken egunetan makina birrintzailearen aitzinerako jauziaren frogra berriak iritsi zaizkigu, hauen artean, Bolsonarok lege dekretu berri bat onartu izana, non Amazoniako milioika hektarea ustiatzea baimentzen duen, edota Venezuelan gauza litekeen esku-hartze militarra, herrialdearen baliabide energetiko eta mineralak eskuratzea helburu lukeena.

 

Brasilen hau ere, eta meatzaritza arduragabearen ondorioz, Brumadinhoko Vale meatzeko urtegia hautsi, eta hondamendia gertatu zen joan den urtarrilean: garapen amaigabearen handikeria, giza sormenak huts egingo ez duen sinesmen itsua, eta, batez ere, diruzalekeria kapitalista agerian uzten dituen enegarren gertakaria.

Pasa den urteak ere utzi zizkigun antzeko hondamendiak Laosen, Kenian, Afganistanen eta Birmanian. Bitartean, Kolonbian, eta BBVAk finantziatua, herrialdeko urtegi handiena eraikitzeko proiektuak atezu larrian ditu bertako herri indigenak: errefuxiatuak eta miseria sortzeaz gain, herrialdeko ibai handienetako bat, Cauca Ibaia, hondamendi naturaletik hurbil dauka.

Hau guztia gutxi ez balitz, garapen ustiatzailearen eskutik datorren errepresio politiko-militarra ere nabarmendu behar dugu: horren erakusgarri garbi dira azken muturreraino iritsi eta proiektu horiei aurre egiten dieten aktibisten hilketak; giza eskubideen berme urria eta interes ekonomiko potoloak elkartzen direnean gertatzen dira, batik bat. 2018an, 321 aktibista inguru hil zituzten, horietatik hiru laurdena ingurumen aktibistak. Beraiei erreparatu genien iazkoan, baina, esan bezala, egun darraien heriotzen gurpilak salaketa mantentzera behartzen gaitu.

Horri lotuta, pertsona askok beren lurraldea utzi behar izan dute mundu osoan, izan errepresioren biktima direlako, edota ustiapenen hedatzearen ondorioz euren lur edo baliabideak galdu dituztelako.

Bestalde, aldaketa klimatikoa dugu giza jatorria duen beste gertakari bat, eta planetak aurre egin beharko dio ezinbestean. Horretarako neurri eta ekintzek, ordea, atzerapauso bat eman zuten Katowiceko COP24an. Izan ere, Poloniako azken ingurumen batzarrean bildu ziren gobernuek C02 isurien aurkako neurriak hartzeari uko egin zioten. Berriz ere, hazkunde amaigabearen logika ustiatzaile kapitalista inposatu zen. Logika eta sinesmen hori bera da, ingurumen ondorio larriak izan arren, hemen eta gaur inposatu nahi dizkiguten proiektu askoren atzean dagoena: Erraustegia, Abiadura Handiko Trena, edo SuperSur-aren II. fasea eta antzeko errepide-hedatzeak, adibidez.

Hala eta guztiz ere, milaka lagunek ez dugu amore ematen, etsipena alde batera utzi eta Bizitza eta Amalurraren alde borrokan jarraitzen dugu. Eta baita, gu bezala, munduan zehar garapen ustiatzaileak sortutako desjabetze eta ondorio lazgarriak jasan dituzten milaka lagunen alde ere. Bide horretan, Ekozinemaldia egoera eta esperientzia horiek urrundik, gertutik, leku askotatik, gugana ekarri eta partekatzeko ahalegina da. Berauek ezagutu, beraiengandik ikasi, edota gure elkartasuna adierazteko saiakera.


Kasu tamalgarriak ugariak izan arren, aurten, azaldu dugun errealitate latzaren aurrean bihotz-altxagarri, makinari aurre egin eta antolatzea erabaki duten lagun askoren emaitza arrakastatsuak dakarzkizuegu. El Salvadorren lorturikoa, adibidez: eskala handiko meatzaritzaren garapena galarazten duen legea onartu zuten; garaipen handia, zalantzarik gabe. Hau, ordea, ez zen posible izango atzean mugimendu sozial antolatu bat egon izan ez balitz. Aipatzekoa da emakumeek gidaturiko mugimendua izan zela (borroka askotan jarrera tinko eta irmoena mantentzen dutenak beraiek dira), eta aurtengoan, gainera, bertako aktibisten testigantza bertatik bertara entzuteko zortea izango dugu. Era berean, adibide arrakastatsuekin jarraituz, Norvegiako kasua ere ezagutuko dugu: desobedientzia zibilari eta antolakuntzari esker, Nordic Mining proiektua gelditzea lortu zuten bertan.

Baliabide goseak makina aseezina gune natural baztertu eta liluragarrienetara bultzatzen du, bai, baina ez du beti iristea lortzen. Urruneko garaipen horiek gertukoak dakarzkigute gogora: Zilbetin (Nafarroa) erdietsitakoa kasu, edota Kanboko (Lapurdi) Sudmine proiektuaren aurka lorturikoa. Baita fracking-aren kontrakoa ere.

Dokumental batek baino gehiagok azalduko dizkigute aurten herrien lorpenak: “Uraren aldeko gudariak” (Water Warriors, Kanada) filmak New Brunswick-en frackingaren aurka egindako kanpaina kontatzen du (XVI-XVII. mendeetan euskal arrantzaleekin harreman estuak izandako Mi’kmaq herriko lurretan gauzatu zuten). Han ere herri antolatuak ustiatze era basati hori legez atzeratzea lortu zuen.
Film eta errealitate horiez gain, bertako bi sorkuntza-lan ere aurkeztuko ditugu: “Bolintxu, azken bailara” eta “Aralar, mundua leku den lurra”, Goierriko Ekozinemaldia antolatzeaz arduratzen diren aktibistek ekoitzia. Pelikula horiek hemen ere errealitate bera pairatzen ari garela erakusten digute: gure azken bazter miresgarrienak kolokan jartzen dituzten pista eta errepideen zabalkundea, eta baita industria eta abeltzaintza intentsiboaren hedapena ere.

Horrez gain, “Barbacana, otsoaren aztarna” lanak hedatze etengabearen oztopotzat hartutako espezieen pairamena azaltzen digu.

Aipatzekoa da, bestalde, Ekozinemaldiak oraingoan egin duen ahalegin berezia zenbait lan euskaraz egon daitezen: “Aralar, mundua leku den lurra” ez ezik, jardunaldi hauetarako “Ekintzaile ilegala” eta “Uraren aldeko gudariak” dokumentalak eta “Kapitalismoa kontu bat besterik ez da” film laburra itzuli ditugu.


Argi ta garbi” bazterketa energetikoari buruzko film laburra, guk geuk ekoitzia

Zalantzarik gabe, Ekozinemaldi honetako ezustekoa bukatu berri dugun dokumentalaren aurkezpena izango da. 11 minututan, bazterketa energetikoaren gaia lantzen du “Argi ta Garbi” lanak (Mare Agora/Asier Abio), energia-enpresa handien jokabidea hizpide hartuta: irabazi izugarriak dituzte, bai hemen eta bai atzerrian, eta bazterketa energetikoan duten erantzukizuna azaltzen digu film laburrak. Euskaraz egindakoa dugu hau ere.


2 comentarios:

  1. Kaixo, sarrerak non lortu ahal ditugun? zineman bertan edo interneten bidez?

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Kaixo Izaskun leku guztietan doakoa da Iruñean ezik (3 €) eta Basaurin zine Antzokian denenan eta Tolosako ostegunean eta Zallan Zineklubekin batera direnak.

      Eliminar