
Azken
egunetan makina birrintzailearen aitzinerako jauziaren frogra berriak
iritsi zaizkigu, hauen artean, Bolsonarok lege dekretu berri bat
onartu izana, non Amazoniako milioika hektarea ustiatzea baimentzen
duen, edota Venezuelan gauza litekeen esku-hartze militarra,
herrialdearen baliabide energetiko eta mineralak eskuratzea helburu
lukeena.
- Sinopsiak hemen
- Trailerrak hemen
- Egitaraua hemen
Brasilen
hau ere, eta meatzaritza arduragabearen ondorioz, Brumadinhoko Vale
meatzeko urtegia hautsi, eta hondamendia gertatu zen joan den
urtarrilean: garapen amaigabearen handikeria, giza sormenak huts
egingo ez duen sinesmen itsua, eta, batez ere, diruzalekeria
kapitalista agerian uzten dituen enegarren gertakaria.
Pasa
den urteak ere utzi zizkigun antzeko hondamendiak Laosen, Kenian,
Afganistanen eta Birmanian. Bitartean, Kolonbian, eta BBVAk
finantziatua, herrialdeko urtegi handiena eraikitzeko proiektuak
atezu larrian ditu bertako herri indigenak: errefuxiatuak eta miseria
sortzeaz gain, herrialdeko ibai handienetako bat, Cauca Ibaia,
hondamendi naturaletik hurbil dauka.
Hau
guztia gutxi ez balitz, garapen ustiatzailearen eskutik datorren
errepresio politiko-militarra ere nabarmendu behar dugu: horren
erakusgarri garbi dira azken muturreraino iritsi eta proiektu horiei
aurre egiten dieten aktibisten hilketak; giza eskubideen berme urria
eta interes ekonomiko potoloak elkartzen direnean gertatzen dira,
batik bat. 2018an, 321 aktibista inguru hil zituzten, horietatik hiru
laurdena ingurumen aktibistak. Beraiei erreparatu genien iazkoan,
baina, esan bezala, egun darraien heriotzen gurpilak salaketa
mantentzera behartzen gaitu.
Horri
lotuta, pertsona askok beren lurraldea utzi behar izan dute mundu
osoan, izan errepresioren biktima direlako, edota ustiapenen
hedatzearen ondorioz euren lur edo baliabideak galdu dituztelako.
Bestalde,
aldaketa klimatikoa dugu giza jatorria duen beste gertakari bat, eta
planetak aurre egin beharko dio ezinbestean. Horretarako neurri eta
ekintzek, ordea, atzerapauso bat eman zuten Katowiceko COP24an. Izan
ere, Poloniako azken ingurumen batzarrean bildu ziren gobernuek C02
isurien aurkako neurriak hartzeari uko egin zioten. Berriz ere,
hazkunde amaigabearen logika ustiatzaile kapitalista inposatu zen.
Logika eta sinesmen hori bera da, ingurumen ondorio larriak izan
arren, hemen eta gaur inposatu nahi dizkiguten proiektu askoren
atzean dagoena: Erraustegia, Abiadura Handiko Trena, edo
SuperSur-aren II. fasea eta antzeko errepide-hedatzeak, adibidez.
Hala
eta guztiz ere, milaka lagunek ez dugu amore ematen, etsipena alde
batera utzi eta Bizitza eta Amalurraren alde borrokan jarraitzen
dugu. Eta baita, gu bezala, munduan zehar garapen ustiatzaileak
sortutako desjabetze eta ondorio lazgarriak jasan dituzten milaka
lagunen alde ere. Bide horretan, Ekozinemaldia egoera eta
esperientzia horiek urrundik, gertutik, leku askotatik, gugana ekarri
eta partekatzeko ahalegina da. Berauek ezagutu, beraiengandik ikasi,
edota gure elkartasuna adierazteko saiakera.
Kasu
tamalgarriak ugariak izan arren, aurten, azaldu dugun errealitate
latzaren aurrean bihotz-altxagarri, makinari aurre egin eta
antolatzea erabaki duten lagun askoren emaitza arrakastatsuak
dakarzkizuegu. El Salvadorren lorturikoa, adibidez: eskala handiko
meatzaritzaren garapena galarazten duen legea onartu zuten; garaipen
handia, zalantzarik gabe. Hau, ordea, ez zen posible izango atzean
mugimendu sozial antolatu bat egon izan ez balitz. Aipatzekoa da
emakumeek gidaturiko mugimendua izan zela (borroka askotan jarrera
tinko eta irmoena mantentzen dutenak beraiek dira), eta aurtengoan,
gainera, bertako aktibisten testigantza bertatik bertara entzuteko
zortea izango dugu. Era berean, adibide arrakastatsuekin jarraituz,
Norvegiako kasua ere ezagutuko dugu: desobedientzia zibilari eta
antolakuntzari esker, Nordic Mining proiektua gelditzea lortu zuten
bertan.
Baliabide
goseak makina aseezina gune natural baztertu eta liluragarrienetara
bultzatzen du, bai, baina ez du beti iristea lortzen. Urruneko
garaipen horiek gertukoak dakarzkigute gogora: Zilbetin (Nafarroa)
erdietsitakoa kasu, edota Kanboko (Lapurdi) Sudmine proiektuaren
aurka lorturikoa. Baita fracking-aren kontrakoa ere.
Dokumental
batek baino gehiagok azalduko dizkigute aurten herrien lorpenak:
“Uraren aldeko gudariak” (Water Warriors, Kanada) filmak New
Brunswick-en frackingaren aurka egindako kanpaina kontatzen du
(XVI-XVII. mendeetan euskal arrantzaleekin harreman estuak izandako
Mi’kmaq herriko lurretan gauzatu zuten). Han ere herri antolatuak
ustiatze era basati hori legez atzeratzea lortu zuen.
Film
eta errealitate horiez gain, bertako bi sorkuntza-lan ere aurkeztuko
ditugu: “Bolintxu, azken bailara” eta “Aralar, mundua leku den
lurra”, Goierriko Ekozinemaldia antolatzeaz arduratzen diren
aktibistek ekoitzia. Pelikula horiek hemen ere errealitate bera
pairatzen ari garela erakusten digute: gure azken bazter
miresgarrienak kolokan jartzen dituzten pista eta errepideen
zabalkundea, eta baita industria eta abeltzaintza intentsiboaren
hedapena ere.
Horrez
gain, “Barbacana, otsoaren aztarna” lanak hedatze etengabearen
oztopotzat hartutako espezieen pairamena azaltzen digu.
Aipatzekoa da, bestalde, Ekozinemaldiak oraingoan egin duen ahalegin berezia zenbait lan euskaraz egon daitezen: “Aralar, mundua leku den lurra” ez ezik, jardunaldi hauetarako “Ekintzaile ilegala” eta “Uraren aldeko gudariak” dokumentalak eta “Kapitalismoa kontu bat besterik ez da” film laburra itzuli ditugu.
“Argi
ta garbi” bazterketa energetikoari buruzko film laburra, guk geuk
ekoitzia
Zalantzarik
gabe, Ekozinemaldi honetako ezustekoa bukatu berri dugun
dokumentalaren aurkezpena izango da. 11 minututan, bazterketa
energetikoaren gaia lantzen du “Argi ta Garbi” lanak (Mare
Agora/Asier Abio), energia-enpresa handien jokabidea hizpide hartuta:
irabazi izugarriak dituzte, bai hemen eta bai atzerrian, eta
bazterketa energetikoan duten erantzukizuna azaltzen digu film
laburrak. Euskaraz egindakoa dugu hau ere.
Kaixo, sarrerak non lortu ahal ditugun? zineman bertan edo interneten bidez?
ResponderEliminarKaixo Izaskun leku guztietan doakoa da Iruñean ezik (3 €) eta Basaurin zine Antzokian denenan eta Tolosako ostegunean eta Zallan Zineklubekin batera direnak.
Eliminar